Aste honetako artikuluan langile autonomoen bajari, eta hau hartzeko egin behar diren tramiteei buruz arituko gara. Nahiz eta, autonomoek baja gutxi hartzen dituztela esan ohi den, beharrezkoa da garbi izatea zein diren gaixotasun edo lesio egoera batean kobratu ahal izateko eman beharreko pausuak, eta kotizazio oinarriaren arabera kobratuko degun kantitatea nola kalkulatu.
Autonomoen baja deritzona, gaixotasun arrunta, lan gaixotasuna edo istripu profesional batengatik sortu daiteke. Hasiera batean, aldi baterako ezintasunagatik gehienez 12 hilabetez jaso daiteke prestazioa eta kasu batzuetan 6 hilabete gehiagoz luzatzeko aukera egongo da. Gure etxe-sendagileak edo Mutuako sendagileak baja agiria firmatzen digun momentuan hasten da prestazioa kobratzeko egin beharreko prozesua.
Aipatu dugun baja agiria etxe-medikuak firmatzen du gaixotasun arrunta bada, baina prestazioa onartzeko boterea Lan Mutuek eta INSSek (Instituto Nacional de la Seguridad Social) dute. Eta beraz dokumentazioa mutuan aurkeztu beharko dugu 15 eguneko epean.
Hauek dira Mutuan aurkeztu beharko ditugun dokumentuak baja onartu ahal izateko:
-Baja eta baja konfirmazio zihurtagiriak.
-NAN fotokopia.
-Azken 3 autonomo kuoten ordainketa zihurtagiriak.
-Jarduera zein egoeratan gelditzen den adierazten duen dokumentua.
-Baja prestazioa kobratu nahi den kontu korrontearen zenbakia.
Zenbat kobratzen da?
Baja Arrunta izanez gero:
-Lehen egunetik hirugarren egunerarte ez da ezer kobratzen.
-Laugarren egunetik hogeigarren egunerarte kotizazio oinarriaren %60 kobratzen da.
-Hogeita batgarren egunetik aurrera kotizazio oinarriaren %75 kobratuko da.
Baja arrunta izan ordez, Lan Istripu edo Gaixotasun Profesionala izanez gero, kotizazio oinarriaren 75% kobratuko da bajaren egunaren hurrengo egunetik aurrera.
Dokumentazio guztia bidali ondoren, Gizarte Segurantzako Insitutu Nazionalak gehienez 30 eguneko epean erresoluzioa eman beharko du.
Autonomoen bajan eman beharreko pausuak erabilgarri izango direla espero degu. Inolako zalantzarik baduzue, jarri Gipuzkoautonomo aholkularitzarekin kontaktuan eta kasu bakoitzean behar duzuen laguntza eskeiniko dizuegu.
Utzi zure iruzkina