Autonomoen berriak

Plastikozko poltsak kobratu behar dira

blog image normativa_bolsas_plastico_comercios_1.jpg

Uztailaren 1etik aurrera, komertzioak kobratzen hasiko dira kontsumitzaileei establezimenduetan, online salmentetan edo etxera eramandako erosketetan ematen dizkieten plastikozko poltsak. Horrela ezartzen da Gobernuak oraintsu onartu duen araudi berrian, hilabete dezenteren atzerapenarekin ezarritako Europako plastikozko poltsa arinen kontsumoa murrizteko zuzentaraua jasotzen duena.

Arau horren bidez ingurumenaren kutsadura eta plastikoek itsas inguruneetan duten eragina murriztu nahi dira. Bertan, poltsa horiek kobratzeko salbuespenak daude eta pixkanaka ezartzeko helburuen egutegia ezartzen da. 

Lehenengo fasea uztailean hasiko da; orduan, komertzioek poltsa mota bi eskaini ahal izango dituzte doan:

-Poltsa oso arinak, hau da, 15 mikra baino gutxiagoko lodiera dutenak, baldin eta higiene arrazoiengatik edo solteko elikagaiak eramateko eman behar badira.


-50 mikrako edo hori baino lodiera handiagoko poltsak, baldin eta plastiko birziklatuaren portzentajea % 70etik gorakoa bada. Kasu horretan, bilgarri mota horren ezaugarriak egiaztatzen dituen dokumentazioa eduki beharko dute establezimenduek.

Beste poltsa guztiak kobratu egin behar dira. Errege dekretuan prezio orientagarri batzuk ematen dira, lodieraren araberakoak, baina denda bakoitzak ezartzen dituen prezioak jendeak ikusteko tokiren batean erakutsi beharko dira, eta bertan, kobratu beharra ezartzen duen araudia ere zehaztu beharko da. Zenbateko orientagarri hauek poltsetarako dira:

Oso arinak, salbuetsita ez dauden erabileretarako ematen direnean: 5 zentimo.
15 eta 49 mikra arteko lodiera dutenak: 15 zentimo.
50 mikrako edo hori baino lodiera handiagoko poltsak: 15 zentimo poltsa bakoitza.
50 mikrako edo hori baino lodiera handiagoko poltsak, plastiko birziklatua badu % 50ean edo hortik gora eta % 70etik behera: 10 zentimopoltsa bakoitza.

Neurri horiez gainera, araudi berriak ezartzen du gutxienez lehenengo urtean zehar informazio eta sentsibilizazio kanpainak egin behar direla. Kanpaina horietan berariaz agertu behar da poltsa mota bakoitza hondakinentzako zein edukiontzitara eraman behar den, poltsaren ezaugarriak aintzat hartuta.

Bigarren fasea 2020ko urtarrilaren 1ean hasiko da. Hortik aurrera:

Debekatuta egongo da zatitu daitezkeen plastikozko poltsak ematea, hau da, horien konposizioagatik mikrozatiak sortzeko modukoak diren poltsak ematea. Mota horretako materialen artean sartzen dira, oxigenoak, argiak, beroak eta urak zatitu ditzaketen plastikoak.
50 mikrako edo hori baino lodiera handiagoko poltsen gutxienez % 50a birziklatutako plastikoa izan behar da.

Azken fasea 2021eko urtarrilaren 1ean hasiko da. Hortik aurrera debekatuta egongo da plastikozko poltsa arinak eta oso arinak ematea; salbuespen bakarra ezarriko da: konposta egiteko plastikoz egindakoak izatea.

Utzi zure iruzkina

Arrastrar para verificar